Gazteak, su artean gustura

2011/07/08
Nork

Beizamako udalekuko ikasleakBasque Culinary Center gastronomia eskolak antolatuta, Euskal Herriko, Espainiako eta Herrialde Katalanetako hemeretzi gaztetxo udaleku berezi batzuez gozatzen ari dira egunotan. Beizamako aterpetxean elkartuta, udaleku gastronomikoak egiten ari dira. 15 eta 17 urtekoak dira eta, sukaldean ikasteaz gain, elkarlaneko eta elkarbizitzako balioak lantzen ari dira bertan.
Aitzol Sugasti sukaldaria dute gidari udalekuetan, eta Markel Gibert eta Jon Abaitua dira sukaldeaz kanpoko ekintzez eta betebeharrez arduratzen diren hezitzaileak.
Motibazioa eta jakin-mina
Zugastik eta hezitzaileek zerbait nabarmentzen badute, gaztetxoen «ikasteko gogoa» da. «Batzuek bokazio handia dute, bada bat, adibidez, 11 urterekin sukaldaritzako liburuak irakurtzen hasi zena», dio Zugastik. Bost ikaslek Basque Culinary Centerren ikasteko asmoa dute; beste batzuk, sukaldaritzan oso ondo moldatzen dira eta, badira, sukaldean asko jakin gabe ere, ikasteko asmoz etorri direnak. Baina, «motibazio handia» dutela diote, «lana oso ondo egiten dute guztiek, oso talde ona da», diote arduradunek.


Lehengaiak jatorrian ezagutu

Egun bakoitzean gai baten inguruan ari dira lanean, baina, batez ere, lehengaiak hartu dituzte ardatz. Beizamak bertan eman die lehengai horiek ezagutzeko aukera, naturarekin etengabeko harremanean baitaude han. Herenegun Beizamako Leunda baserrian izan ziren Jon Arrutiren behiak ezagutzen, eta atzo Amenabar baserriko baratze ekologikoa ezagutu zuten. Irteerak ere egin dituzte, ordea. Tolosara egin zuten lehena, eta Fronton jatetxeko sukaldari Roberto Ruizen baratza bisitatu zuten. Beste egun batean Larrabetzuko mahasti batzuk ikusi eta Eneko Atxaren master class bat jaso zuten. Arratsaldean arrantzontzi batean ibili ziren, eta arrain enkante batean parte hartu zuten. Gaur Arantzazu inguruetan ibiliko dira, Oñatin. Artzai Eskolan gazta eta mamia egiten ikasiko dute hala.
Bisitak ere izan dituzte aterpetxean bertan. Bilboko Mina jatetxeko Alvaro Garridorekin postre ikastaroa izan zuten, eta D’elikatuz-eko Idoia Noianekin elikadura orekatuari buruz ikasi zuten. Atzo arratsaldean, berriz, Donostiako Kokotxa jatetxeko sukaldari Dani Lopezen bisita izan zuten.
Lanerako borondatea
Sukaldean aritzeak berekin dakarren guztiaz arduratzen dira gazteak. Jangelako mahaian sukalde eramangarriekin egiten dute lan. Beraz, mahaia lanerako prestatu, jaso, ondoren jateko prestatu eta amaieran dena jasotzen eta garbitzen dute, egunean hiru aldiz. «Borondate handiz» egiten dute lan, arduradunen arabera.
Elkarrekiko errespetua lantzen dute horrela Beizamako aterpetxean. Norberaren betebeharrei erantzuteaz gain, besteei ere euren zatia egiteko eskatzen diote elkarri. Sukaldean ondo pasatzeko, ardura eta lankidetza dituzte ardatz Basque Culinary Centerreko artista gazteek.

Malen Gallastegi

Malen Gallastegi: «Motza egiten ari zait, baina oso esperientzia polita izaten ari da»

Malen Gallastegik 17 urte ditu eta bergararra da. Sukaldaritza betidanik gustatu izan zaio, eta udaleku hauetan ikasteko aukera aprobetxatu nahi izan du. Basque Culinary Centerren ikasteko asmo sendoa du.
Nola izan zenuen udaleku hauen berri, eta zergatik animatu zinen bertan parte hartzera?
Amak irratiaren bidez izan zuen udaleku hauen berri eta, beste planik ez nuenez, hona etortzera animatu nintzen. Sukaldaritza asko gustatzen zait, eta eskaintza honek atentzioa eman zidan.
Zer espero zenuen topatzea eta zer aurkitu duzu udaleku hauetan?
Pentsatzen nuen ikastaro formato gehiago izango zuela. Disziplinazko momentuak badaude, baina ematen digute denbora beste gauza batzuk egiteko ere, libre samarra da.
Interes bera elkarbanatuta, elkar aberastuko zarete sukaldaritza kontuetan, ezta?
Bai. Talde txikia gara eta, denoi gauza berdinak egitea gustatzen zaigunez, oso giro polita dago gure artean.
Zer ikasi duzu hemen?
Gauza asko. Irteeretan gauza asko ikusi dugu. Hemen nahiko errezeta normalak ikasten ari gara, egunerokorako errezetak gehienbat. Noizean behin gauza desberdinak ere egiten ditugu, baina ondo dago errezeta ohikoak ere egitea, dominatzen ez ditugun gauza zailak egiten hasi ordez. Ebakitzeko moduak ere ikasi ditugu eta, gainera, errezetak ematen dizkigute etxera joaten garenean ere egin ahal izateko.
Zer daramazu etxera esperientzia honetatik?
Motza egiten ari zait, baina oso esperientzia polita izaten ari da. Oso ondo antolatuta dago dena, eta lagunarte ederra daukagu. Dena ona da hemen.

Etiketak: , , , , , ,

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Blogak

Berriketan.info [RSS]

  • Aritz Branton-(e)k Eskoziako erreferenduma gaian eguneraketa sarrera bat idatzi du:   duela 2 ordu, 24 minutu · Ikusi

    Joseba, uste dut gaia nahiko garbia dela: biztanleek zer nahi dute? Malvasinekoek, Erresuma Batukoak izan nahi dute, antza denez. Eskoziakoek … ikusiko dugu. Eskubidea da kontua eta, noski, biztaneleen nahia. Egokia, ezta?


  • 11:00etan hasiko da bilera, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean. Arazo ekonomikoak direla eta, BERRIA Taldea iazko urte bukaeran hasi zen diru ekarriak biltzen.


    • Abatarreko irudia
      Antton Erkizia Almandoz · Orain dela 10 ordu, 32 minutu

      Hara nire kasua: aste erdiz herritik at bizi naiz.
      Erran nahi dut: harpidetza etxean hartzea, nekez.
      Zer egiten dut orduan?. Tarteka, egunean bizpahiru aldiz, BERRIA digitalean sartu.
      (Eta ni bezala, bertze aunitzek ere gauza bera egiten dutela, nik hala uste).

      Begira: ohiko harpidetza egin beharrean, BERRIAK berri emanen badit modu digitalean, sartu nadin eta demagun 0,20 euro ordaintzen dudala sartu aldiro…Egunean hiruzpalau aldiz berretzen direnez orrialde digitalak, ba hortxe: 0,20 x 4 = 1€
      Hau da, BERRIA egunkaria erosi dut, ez diot berari gasturik haundirik sortu –papera, garraioa, banatzailea– informatu eta eguneratu nau -hori bilatzen dugu- eta hori dena egun berean, ”biharko amunaren” zain egon gabe.

      ”Finantziazio” modu hau proposatu izan dut lehen ere. Azpiegitura ttiki bat eskatzen du (visa bati lotuta egotea kontsulta, klabe batzuk identifikatzeko, kontadore bat, kargua zuzenean hilaren 1ean adibidez, zerbitzu berezi batzuk eskeini?. ..

      Eta gainera, gainera, sare soziala ikaragarri ona sortu daiteke, halako espazio publikoan eta baita txoko pribatuak sortuz ere. Ikusi bakoitzak aporta dezake argazkiren bat, iritziren bat…
      Eta hori dena langile trebe batek kontrola dezake, erdi erdiko lanaz (eta bertze erdia hemerotekak, bideoak eta halako espazio aberasgarriak zintzilikatuz…)

      Balio bazazue. Gainerakoan, bota zakar hontzira. Amen.
      Antton.

    • Abatarreko irudia
      Iranzu Oria · Orain dela 8 ordu, 55 minutu

      Ideia primerakoa da antton, eta bada jada martxan. Irisgarritasun arazoak tarteko, harpidetza digitala dut nik egina. Hau da, zuk kuota ordaindu eta egunkaria, osoa, PDF formatuan ikus dezakezu ordenagailuan. Hilabeteko, hiruhileko, seihileko edo egunkariko ordaindu dezakezu. Hemen dituzu prezioak eta moduak. http://berria.info/pdf_harpidetza/ Niretzat oso erosoa da, nahiz eta paperak baduen oraindik ere xarma hori.

    • Abatarreko irudia
      Antton Erkizia Almandoz · Orain dela 8 ordu, 3 minutu

      Milesker, Iranzu. Ez nuen horren berririk, hara. Ez da berdina, ez, paperean irakurtzea edo ordenagailu kaxkar bateko pantailan. Baina BERRIA digitala irakurtzeko eta harpidetzeko modu bat da. Egin eginen dut, probatzearren, hila baterako bada ere.

      Baina, nik goian proposatzen dudana pittin bat ”biziagoa da”. Ez dut erran nahi: BERRIAren azken berriak irakurtzeko, ordaindu behar dutela denek. Ez da hori. Titularrak hor diraute, denontzat, libre. Baina nik ordaindu eginen dut, hala nahi dudalako, sms bat lagun maite bati bidaltzea bezalatsu (0,20€).Hori bai, neuk titularrak irakur ditzazket, eta gainera horri buruzko kronika osoa, edo/eta…(nik zer dakit; hor dago zuen asmakizuna eta imaginazioa ”gure egunkari digitala propio” egiteko-saretzeko-flax batean biltzeko-argazkiak ikusi eta neuk eransteko…Prentsaren mundua aldatzen ari dela?. Goazen geu aldatzera, geuk sortzera…Ez gerala gai?. Bai horixe. Eskatu ideak, artista eta sormen haundiko gizon emakume aunitz bizi da euskaldun.

      Horretaz gain, banuke bada bertze proposamenik ere, BERRIArentzat oso oso berea ez litzatekeen alorra da baina harreman iturrri eta diru-iturri ere izan daiteke. Ez da hemen botatzekoa, lotsatzen naiz. Nori komentatuko nioke?. Agian, astapitokeria da. Baina zenbat astapitokeri on ez dabil hortik munduan? Dena probatzea da.

    • Abatarreko irudia
      Iban Arregi · Orain dela 2 ordu, 27 minutu

      BERRIAn dihardut lanean eta gaiari ari gara bueltak ematen. Nire ustez galdera da: zer zerbitzugatik ordaintzeko prest legoke bezeroa? Erantzuna zaila da, eta are zailagoa zerbitzu orijinal eta eraginkor bat martxan jartzea, inbertitzea. Ezin duguna egin da besteek eskaintzen duten moduko eskaintza bat ordainpean jarri, nire ustez. Baina ezer baino lehen bezeroa ezagutu behar dugu, zer nahi duen jakin, eta ildo horretatik eskertzekoak dira ekarpenok. Bitartean, hedabide batek baino gehiago joko dute ziztada bila, hori da nire iritzia.

  • Aritz Branton-(e)k bat egin du Eskoziako erreferenduma gaiarekin   duela 2 ordu, 32 minutu · Ikusi


  • Aritz Branton-(e)k Agur EspaÑa gaian eguneraketa sarrera bat idatzi du:   duela 2 ordu, 33 minutu · Ikusi

    Galdera (erretoriko) bat: Espainian geratuz gero, zeintuz izango lirateke abantailak? Edo, Espainiazaleen arabera, zeintzuk izango lirateke? Hori, edo hutsune hori, abiapuntu interesgarri pedagogiko bat izan litekeela uste dut. ”Agur Espaina” esateko, gauzak oso argi azaldu beharko dizkiegu gaia oso argi ez ikusten dutenei.


  • Aritz Branton-(e)k bat egin du Agur EspaÑa gaiarekin   duela 2 ordu, 37 minutu · Ikusi