Astelehena, 2014-10-20

“Mendebaldeko Saharan alarma pizten bada, denok egongo gara han”

Ahmed Labeid (Dakhla, Mendebaldeko Sahara, 1961) Orioko bizilaguna da duela urtebetetik. Herrian bizi diren sahararrak herenegun ospatu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuteneko 36. urteurrena; Espainiagandik «independentzia» lortu zuten eguna. Ordutik Marokok du okupatua, ordea, eta sahararrek «bahiketak, torturak eta tratu txarrak» jasaten dituztela salatu du Labeidek. Nazio Batuek ez dute onartzen okupazioa. Behin betiko estatusaren inguruko erreferenduma behin eta berriro atzeratu da.

Zer egoeratan bizi dira sahararrak?
Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen. Herrialdeko probintzia izan zen 1976ra arte, eta 1973an askapen mugimendua sortu zen; Fronte Polisarioa. Saharako herria ordezkatzen duen legezko fronte bakarra da hori. 1976ko otsailaren 27an erretiratu zen Espainia Mendebaldeko Saharatik, eta horren 36. urteurrena ospatu genuen herenegun. Orduan hasi zen gerra, eta Sahara bi zatitan banatu zuten; Dakhla eskualdetik hegoalderako lurraldea Mauritaniaren esku geratu zen, eta iparraldea, berriz, Marokoren menpe. Gerrak 1991era arte iraun zuen, eta orduan autodeterminazioaren inguruko herri galdeketa prozesua hasi zen. Gaur arte diraute negoziazioek.

Seniderik ba al duzu Mendebaldeko Saharan? Zer baldintzatan bizi dira?
Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu guneetakoa naiz, baina familia Mendebaldeko Saharako bi aldeetan dut. Errefuxiatu guneetan bizitza normala egiten ahalegintzen dira, baina egoera oso zaila da; baldintza gogorrak dituzte. Bertan bizitzea beste aukerarik ez dute. Hezkuntza eta osasuna izaten ahalegintzen dira, bizitza normala izateko. Elikadura aldetik, ordea, oso ahul daude, nazioarteko laguntzen menpe baitaude. Gizakiak, ordea, hori guztia baino askoz gehiago behar du. Bitartean, bake prozesua nola amaituko den jakin nahi dute sahararrek. Baina Marokok Frantzia eta Espainiako estatuen babesa du, eta ez da erraza presioa egitea. Zentzu horretan, Espainiak jarrera aldatu behar du, oraindik orain Espainiak administratzen baitu Mendebaldeko Sahara. Okupatuta dagoen eremuan, torturak, bahiketak eta tratu txarrak ohikoak dira, okupazioaren aurka matxinatzen direlako egunero.

Gure herrialdearen jabetza aldarrikatzen dugu. Ez dugu atzerriko inoren agindupean bizi nahi; ez gara marokoarrak. Sahara beti izan da aparteko herria.

Nazioartean Sahararen aldeko elkartasunik ba al dago?
Iberiar penintsularen barruan, Euskal Herritik elkartasun handia jasotzen dugu. 1985etik Euskal Herria gure alboan dagoela sentitzen dugu; euskaldunek ulertzen gaituzte. Sahararren kanpamenduetara joaten dira, bertako herritarrei laguntzera, eta udan ume sahararrak ekartzen dituzte. Euskal Herrian ekimen asko egin dituzte saharren alde. Udan Mendebaldeko Saharako umeak ekartzeko kanpaina hasi da, eta horretarako deia egin nahi diegu familiei. Umeentzat oso garrantzitsua da uda partean handik irtetea, bero handia egiten baitu. Saharako umeentzat mundua ezagutzea berezibizikoa da, bertan desertua besterik ez dutelako. Hemengo familientzat, berriz, ez da gastu handia.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuteneko 36. urteurrena ospatu duzue. Zer esan nahi du egun horrek zuentzat?
Egun horretan herrialde independentea sortu genuen. Okupazioaren ondorioz, ordea, ezin izan genuen independentzia gauzatu. Milioi bat lagunek osatzen du Mendebaldeko Sahara, baina bi herrialdek inbaditu dute. Maroko, gainera, herrialde indartsua eta gerrazalea da, eta nazioarteko hainbat herrialderen babesa du. Okupazioa hastearekin, umeak, emakumeak eta agureak gerra eremutik atera zituzten, eta Aljeriara eraman. Gizonezkoek ateraldi horiek zaindu zituzten. Gero hasi zen gerra. Gure gerlariak hasiberriak ziren; ez zuten esperientziarik, eta armak ere ez ziren oso egokiak. Hala ere, urte dezentez eutsi genion gerrari, eta garaipenak ere izan genituen. Badakit gauza horiek ez direla gizatiarrak, baina norbaitek nire etxean eraso egiten badit, niri defendatzea baino ez zait geratzen. Biktimei eragindako mina deitoratzen dugu, ez dutelako gerra horretan egoteko inolako errurik. Baina gure eskubidea da defendatzea.

1976ko otsailaren 27ak Mendebaldeko Sahara Afrikako beste herrialde bat izatea esan nahi du. Munduak herri bat gehiago zegoela ikustea eragin zuen. Enbaxadak izatea ekarri zuen, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortzen duten lekuetara Saharako pasaportearekin joan gaitezke. Baina Espainiara joatean Aljeriako pasaportea erakutsi behar dugu, ez duelako Mendebaldeko Sahara estatu gisa onartzen. Espainia da Sahara onartu behar duen lehenengo estatua, honek egin baitzuen deskolonizazio lotsagarri hura.

Nola ikusten duzu Mendebaldeko Sahararen etorkizuna?
Martxoan hasiko dira berriro negoziazioak. Irtenbide baketsua nahi dugu sahararrok, baina halakorik ez badago, edota autodeterminazio eskubidea lortzen ez badugu, berriro armak hartu beharko ditugu. Nahiago dugu gure eskubideak defendatuz hil, beste inoren menpe bizi baino.

Mendebaldeko Saharara itzultzeko asmorik ba al duzu?
Bizpahiru hilabete barru itzuliko naiz. Euskal Herrira etortzen diren sahararrak ez dira beste etorkinak bezalakoak; sahararrak ez dira etortzen hemen bizitzera. Tarte batean lantxo batzuk egiten dituzte, familiari eta herriari laguntzeko asmoz. Guztiak itzultzen gara. Saharan alarma pizten bada, guztiok egongo gara han.

—————–
Orioko Udalak Mendebaldeko Saharari babesa eman dio

Herenegun, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuteneko urteurrenean, Udalak babesa erakutsi zion Mendebaldeko Saharari, eta herrialdearen bandera zintzilikatu zuten udaletxean. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak harrera egin zien herrian bizi diren sahararrei, eta ondoren, herrialde horretako egoeraz aritu zen hainbat lagun, tea hartzen zuten bitartean.

Orioko Udalak pasa zen ostegunean egin zuen ohiko bilkuran Saharako herriaren aldeko mozioa onartu zuen. Bertan, Marokoren «errepresio politiko bortitza» eta nazioartearen «isiltasuna eta konplizitatea» salatu zuen udalbatzak, aho batez. Udalak ohartarazi duenez, Marokok «behin eta berriz urratzen ditu Mendebaldeko Saharako populazio autoktonoaren giza eskubideak. Herritar babesgabeen kontrako erasoak, atxiloketak, torturak, bortxaketak, desagerketak eta deportazioak ohikoak dira. Saharar herriaren borondatearen kontra, Marokok bere autonomia-plana bultzatu nahi du, eta ez ditu aintzakotzat hartzen Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioaren eta independentziaren alde hartutako erabakiak». Mendebaldeko Sahara «benetako genozidioa» jasaten ari dela salatu du.

Pasa zen urtean Marokoko poliziak Gdeim Izik kanpamendua desegin zuela gogoratu du udalbatzak, eta horrek «neurrigabeko triskantza» eragin zuela adierazi du. Bestetik, iazko urrian Rosella Urra, Enric Gonyalons eta Ainhoa Fernandez de Rincon nazioarteko hiru lankide boluntario bahitu zituztela oroitu dute. Espainiako Gobernuak Marokoren tesiak babesten dituela gogoratu du udalak: «Gogoan izan behar da Espainiako Gobernua dela errefuxiatu kanpamenduak izatearen arduraduna, eta, badakien arren nazioarteko laguntza ezinbestekoa dela, han baldintza minimotan bizitzeko, dei egin die kooperatzaileei kanpamenduetatik alde egiteko». Espainiako Gobernuak administratzen du Mendebaldeko Sahara. Zentzu horretan, «Espainiak Marokok egiten dituen giza eskubideen eta nazioarteko legeen urraketa guztiak onartzen ditu», Orioko udalbatzaren iritziz.