Asteartea, 2014-09-16

Antolatzaileak «gustura» dira Alai auzoko estreinako festek izan duten harrerakin

Haurrak puzgarrietan

«Pozik» dira Zumaiako Alai auzoko festen antolatzaileak. Lehenengo aldiz ospatu dituzte jaiak auzoan, eta Jon Iraola antolatzaileak adierazi duenez, auzotarrak eta herritarrek ongi erantzun dute, eta pertsona ugari bertaratu da hiru egunetan. Emaitza ikusita, beraz, hurrengo urtean ere antolatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du Iraolak. «Festen azken egunean guztiek esaten ziguten datorren urtean hau eta bestea egin behar dugula. Beraz, aurrerantzean antolatzen jarraitzeko prest gaude». Hamaika ekitaldi izan dituzte ostiraletik igandera bitartean, eta, antolatzaileen arabera, igandekoek izan dute harrena onena. Astindu dantza taldeak eskainitako emanaldiak plaza betearazi zuen, esaterako.

Aurtengoa «barometroa» izan da antolatzaileentzat, baina, hala ere, «esperotako emaitza» izan dutela aitortu dute. «Festek
harrera ona izatea espero genuen, baina, lehenengo aldia izanik, ez genekien jendeak zenbateraino erantzungo zuen».
Aurreikuspenak bete dituzte, ordea, eta aparteko arazorik ere ez dutela izan aipatu dute. «Arazo bakarra txosnarekin izan dugu. Izan ere, txosna ez zen itxia, eta inor sartu eta barrukoa eraman ez zezan, egunero desmuntatu eta atera behar izan ditugu salgai guztiak. Hori izan da gogorrena».

Zumea elkarte gastronomikoa auzokoa izanik, sukaldaritza lehiaketa antolatu dute elkarlanean. Igandean lau lagunek pastarekin egindako jakiak prestatu zituzten, eta Miquel Herrandok irabazi zuen txapelketa. Lehiaketan elkartu ziren herritarrek ere izan zuten zer jana eta zer edana, prestatutako janaria horien artean banatu baitzuten eguerdian. Festak amaitzeko, berriz, guztien artean sokasalto handi bat osatuko zuten, eta halaxe agurtu zituzten festak dozenaka lagunek.

Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.

, ,