Larunbata, 2014-10-25

Beñat Lizeaga aske utziko dute gaur, fiantzapean

Lizeaga

Beñat Lizeaga

Beñat Lizeaga gazte zumaiarra aske utziko dute gaur. Ilunabar aldera aterako da Aranjuezko espetxetik (Madril, Espainia). Epaiketa egin bitartean behin-behinean aske uztea erabaki du epaileak, 30.000 euroko fiantzapean. Haren abokatuak HITZA-ri jakinarazi dioenez, baldintza gehiago ere ezarriko dizkio epaileak, baina oraindik ez dute zehaztu zein izango diren baldintza horiek.

Lizeagarekin batera 30 lagun daude auzipetuta, eta gehienak kalean direla azaldu du abokatuak. Lizeagarekin batera aske utziko dituzte gaur Xalbador Ramirez, Aitziber Plazaola eta Bergoi Madernaz.

Lizeagak ez zuela “inoiz preso egon behar” berretsi du, bere aldetik, Zumaiako Udalak. “Zumaiako Udalak 2011ko otsaileko plenoan Izpuran itxialdian zeuden gazteak —tartean Lizeaga bera— ez Espainiaratzeko eskatzeko onartutako mozioan adierazi bezala, proiektu politiko guztiak bermatuta izango diren eszenatoki politiko baten alde lanean segitzen du, lan politikoa egiteagatik inor gehiago ez atxilotzeko, eta arrazoi horregatik espetxean direnak askatzeko”.

Lizeaga iazko martxoan atxilotu zuten Frantzian, eta apirilean Espainiaratu zuten, euroagindu baten bidez. Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen. Bertan, «torturatu zezaketelakoan» egin zuela iparraldera alde nabarmendu zuen Lizeagak. Eta han «bizitza publikoa eta normala» zeramala deklaratu zuen.