Asteartea, 2014-10-21

Zumaiako Udalbatzak ez du onartu ‘Birziklapena bai, atez atekorik ez’ mozioa

Udalbatzar aretoa bete egin zen herenegungo ez ohiko plenoan (Argazkilaria: Amaia Ventas)

Zumaiako Udalbatzak ez du onartu PSEk eta EAJk aurkeztutako Birziklapena bai, atez atekorik ez mozioa. Aipatu bi alderdien aldeko botoak (aldeko bost boto, Bilduren eta Aralarren kontrako zazpi botoren aurrean) ez ziren nahikoak izan mozioa aurrera ateratzeko. Mozioaren izen bereko herri plataformaren eskakizunak bere egin zituzten alderdi sozialistak eta jeltzaleak, eta ez ohiko plenoan aurkeztu, herenegun. Bi ziren eskaerak: batetik,udalak zintzilikarioen bidezko atez ateko zabor bilketa sistema (Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako eredua) ezartzeko prozesua bertan behera utz dezala; eta bestetik, edukiontzien bidezko gaikako zabor bilketa sistema susta dezala, edukiontzi gehiago jarriz eta horien erabilera bermatuz.

EAJko bozeramaile Montse Aranak Udal Gobernuak atez atekoa «inposatu» egin nahi duela salatu zuen, eta herritarren hitza ez duela «kontuan hartzen»: «Inposaketarekin ez goaz inora. Herritarrak kontzientziatzea beharrezkoa da». Zumaiarrek birziklatzeko konpromisoa erakutsi dutela gaineratu zuen, eta hori nabarmena dela: «Bi astetan 1.000 lagunek eskatu dute edukiontzi marroia». Hori Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformaren lanari esker izan dela ohartarazi zuen. «Herritarrek erabaki behar dute».

Bat egin zuen harekin PSEko Emiliano Cabañasek: «4.000 herritar atez atekoaren kontra agertu dira. Udal Gobernuak erantzun egin behar du. Kontuan izango al ditu atez atekoaren aurka bildutako sinadura horiek?». Bestalde, udalak bosgarren edukiontziaren erabilera sustatu beharko lukeela esan zuen: «Ez dakigu zein emaitza emango dituen, baina probatu beharra dago aurrez».

Birziklatzea ez dela «eskubidea» erantzun zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateak: «Betebeharra da». Ildo horretatik, orain arte «emaitza onenak» atez atekoak eman dituela nabarmendu zuen.  Ez dela «sistema itxia» gehitu zuen: «Herri bakoitzaren berezitasunetara egokitu daitekeen sistema da». Era berean, «atzera buelta duen sistema» dela adierazi zuen Aralarreko zinegotzi Aitor Leizak. Plataformari sistema alternatibo bat aurkezteko aukera eman zitzaiola gogoratu zuen gerora, eta hark uko egin zuela. Oihuka hasi ziren herritarrak, Leizak esandakoa «gezurra» zela salatuz.

Jendetza bildu zen ez ohiko plenoan. Leporaino bete zen aretoa, eta herritar ugarik jarraitu behar izan zuten osoko bilkura gelatik kanpo. Tentsioa nabaria zen. Herritarrak, haserre, behin baino gehiagotan eten zuten bilkura, zenbaitetan zinegotziei hitz egiten ez uzteraino.

Herritarrei «mespretxua»
Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformak Udal Gobernuak zumaiarren eskariari «entzungor egin» eta Bilduren kontsigna politikoei jarraitu diola salatu du: «Alkatearen eta haren gobernuaren larderia politikoaren eta jarrera demokratiko faltaren erakusle da hori».

Zumaian orain arte halako herri mugimendurik ez dela gertatu gogoratu dute plataformako kideek, eta horrek politika jakin bat berriz aztertzeko eskatu diotela Udal Gobernuari. Horrek, ordea, herri plataformaren eskaera «mespretxatu» egin duela salatu dute: «Euren aldekoak direnak soilik errespetatzen dituzte».

Plataformakideek birziklapena bultzatzen dutela nabarmendu dute, eta hori edukiontzien sistemaren bidez lor daitekeela: «Hori bai, herritarrekin elkarlanean».

, , , , ,