Ostirala, 2014-10-31

Euskal giroa nagusi, etzi

Goizean goizetik hasiko dira ostiralean ekitaldiekin. 10:00etatik hasita, dultzaineroek, albokariek, txalapartariek, bertsolariek eta Inpernupeko Joareek girotuko dute herria (Argazkilaria: Olatz Prat)

Urola Kostako udako festen egitarau zabalarekin jarraituz, ostiralean Zumaian izango da hitzordua. Euskal Jai Eguna dela-eta, askotariko ekimenak izango dira kostaldeko herrian , goizetik iluntzeraino. Goizean goiz irten beharko dute herritarrak kalera; izan ere, ez da lo egiteko aukerarik izango. 10:00etatik aurrera musikaz beteko dira Zumaiako kaleak, Hala Gera albokariek, dultzaineroek, Inpernupeko Joareek, bertsolariek eta Ugarte Anaiak txalapartariek girotuko dituzte txokoak.

Eguerdi partean, salda banatuko dute , upela plazaren parean. Indarberritu ostean, balkoitik balkoirako bertso saioa izango da Sanjuaniturrin. Aurten Andoni Egaña zarauztarra eta Jon Maia zumaiarra ariko dira nor baino nor.

Gerora, herri bazkaria egingo dute. Herritarrek paellaz asetzeko aukera izango dute. Paella erraldoia denez, Kultura sailetik antolatzen laguntzeko boluntarioak behar direla jakinarazi du. Laguntzeko prest daudenek gaur izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako 943-861056 telefonora deitu beharko da edota kultura@zumaiakoudala.net helbidera elektronikora mezua idatzi. Bazkarian parte hartu nahi dutenek, berriz, dagoeneko eros ditzakete txartelak turismo bulegoan. Helduek zortzi euro ordaindu beharko dituzte eta 12 urtez azpikoek, berriz, lau euro.

Arratsaldean, koadrilen arteko lehia izango da; herri kiroletan neurtu beharko dituzte indarrak. Gerora, guztiek elkarrekin sagardoa dastatuko dute. Gauean musika nagusituko da. Iraunkorrak txarangarekin kalez kale ibiliko dira zumiararrak eta jarraian erromeria izango da Bide Batez taldearekin.

 

Egitaraua
-10:00. Musikaz blai. Hala gera albokariak eta dultzaineroak, Inpernupeko Joareak, bertsolariak eta Ugarte Anaiak txalapartariak.
-10:00-14:00. Alde Zaharrean, artisauen produktuen eta elikagaien postuak izango dira.
-12:00. Upela plazaren parean, salda emango dute.
-12:30. Balkoitik balkoirako bertso zaioa izango da, Sanjauniturrin. Andoni Egaña eta Jon Maia bertsolariek hartuko dute parte.
-14:30. Bazkari herrikoia, paella erraldoiarekin eta Joxe Mendizabalek alaituta.
-Jarraian. Koadrilen arteko herri kirolak, Odietan.
-18:00. Txikitxas bikotearekin erromeria, plazan.
-18:00. Gaztetxoentzat erromeria, Alondegiko plazatxoan.
-18:30. Sagardo dastaketa, Eusebio Gurrutxaga plazan.
-18:30. Iraunkorrak txarangarekin kalejira
-22:30. Erromeria Bide Batez taldearekin, kofradian.

,