Osteguna, 2014-10-23

Erria txikota! oihuak abiatu du 2014ko Kilometroak Jaia

2014ko Kilometroak Jaian Erria txikota! aldarrikatuko dute Orion (Egilea: Aiora Larrañaga)

2014ko Kilometroak Jaian Erria txikota! aldarrikatuko dute Orion (Egilea: Aiora Larrañaga)

Erria Txikota! aldarriak hartuko du Orio datorren urte betean; horrela, mendetan zehar oriotarrek bizirik mantendu duten itsas ondarea gogora ekarri nahi du Orioko Herri Ikastolak 2014ko Kilometroak Jaian. Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Ikastolen jai handia komunikabideen aurrean eta erronka berria “pozez eta ilusioz” beterik hartu dutela nabarmendu dute Orioko Herri Ikastolako lehendakari Gemma Etxabek, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek eta 2014ko Kilometroak Jaiko koordinatzaile Joseba Orellak. Aurkezpen ekitaldian izan dira Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterola eta Eñaut Telleria Kilometrotako koordinatzaile orokorra.

Erria Txikota! leloak oriotarren izaera eta kultura argi azaltzen dutela uste dute Orioko Herri Ikastoako kideek. Gemma Etxaberen esanetan, “Orio eta oriotarren bizimodua itsasoari eta errioari lotuta egon da beti; arrantza, ontziolak, errioa eta arrauna. Kultura oso bat garatu da horien inguruan eta oriotarrek itsas ondare hori bizi-bizirik mantendu dute mendeetan zehar”. Arrantzaleak itsasora abiatu aurretik lehorrean denari eskatzen dion laguntza oihua da Erria txikota!, baporea portura lotzen duen txikota izeneko soka lodia mutilotik moilako burdin zatitik askatzeko deia alegia. Erria Txikota! esamoldeak bere baitan hartzen duen “auzolana eta elkarlana” ere irudikatu izan nahi dituzte antolatzaileek. Izan ere, Ikastolaren proiektuak aurrera jarraitzeko arrantzaleek itsasoratzeko behar duten elkarlana eta auzolana behar dituela uste dute. “20 haurrekin abiatu zen Orioko Herri Ikastola duela 40 urte eta egun 707 ikasle eta 462 familia biltzen ditu gure hezkuntza proiektuak. Bihurtu garena herritarrei esker bihurtu gara eta hezkuntza komunitate osoaren auzolana eta elkarlana ezinbestekoak iruditzen zaikigu aurrera jarraitzeko” azaldu dute.

Bestetik, Kilometroak 2014ko leloarekin oriotarren betiko hizkerari keinu egin nahi izan diete antolatzaileek, “globalizatutako gizartea inguruarekin harremana galtzen ari den heinean Orioko hizkuntza ondarea ere pixkanaka galtzen” ari dela ohartu baitira. Horregatik, 2014ko Kilometroak Jaiak belaundaldi berrien artean oriotarren esamoldeak eta betiko ohitura eta balioak berreskuratzeko grina sortzea nahi dute Orioko Herri Ikastolako kideek.

Gainera, askatasun kontzeptua ere nabarmendu nahi izan dute 2014ko Kilometroak Jaiko antolatzaileek aurkezpenean. Arrantzaleek txikota askatzen duten moduan, Orioko Herri Ikastolako kideek “inposatutako lotura guztietatik askatu” eta beren hezkuntza proiektua askatasunez garatu nahi dutela nabarmendu dute, “gure haurrak beren buruaren jabe izango diren eta pentsamendu kritikoa izango duten pertsona askeak eta libreak izan daitezen”.

2014ko Kilometroak Jaiarekin Orioko Herri Ikastolak bere hezkuntza ereduan urrats bat aurrera aman nahi du. Orain arte “adreiluan inbertitu” beharra izan du Ikastolak, “leku falta arazo handia izan delako”. 2004an ordea arazoari irtenbidea emateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hartzen duen etxea eraiki zuten. “2014ko Kilometroak Jaiarekin DBHko eraikinaren hipoteka estali nahi dugu eta aurrerantzean hezkuntza arloan inbertitzen hasi nahi dugu. Berrikuntza jorratzea da gure helburua, hori baita etorkizuneko giltza” adierazi du Orioko Herri Ikastolako lehendakariak.

,