Igandea, 2014-11-23

Europako zakur lera txapelketarako txartela lortu du Andoni Azpillaga azpeitiarrak

Andoni Azpillaga aurrena izan da.

Andoni Azpillaga aurrena izan da.

Bigarren aldiz irabazi du Andoni Azpillaga musher-ak Espainiako zakur lera txapelketa, zakur kopuru mugagabeko kategorian. Duela bi urte egin bezala, bereak izan dira bizkorrenak eta emaitzarekin «oso gustura» dago azpeitiarra.

Joan den asteburuan jokatu zen txapelketa Baqueira Bereten (Lleida, Herrialde Katalanak) eta hamar zakurreko taldearekin lehiatu zen, larunbateko nahiz igandeko probetan denbora onena lortuz. Urola Kostako Hitzari hala azaldu dio: «Konfiantza osoa nuen zakurrengan, oso ondo prestatuta zeuden eta oso bizkor ibiltzen ziren; espero nuen, aurretik ikusten baituzu gutxi gorabehera nola joango diren».

Garaipen honek Europako Txapelketarako txartela eman dio, gainera, Azpillagari eta, okerrik ezean, han izango da «zerbait egiteko esperantzaz».

Gustuko lekuan aldaparik ez
Hemeretzi urte daramatza Andoni Azpillagak zakur leren munduan. Goizero jaiki eta Salardutik Montgarrira (Lleida, Herrialde Katalanak) joaten da, han baititu zakurrak, 1.700 metrotara dagoen abandonatutako herrixka batean. Neguan, zakurtegi atarian elurra izaten du. «Egunero hara joan eta zakurrak eta zakurtegia garbitzen ditut eta salda ematen diet, hidratatzeko, urik ez baitute nahi izaten. Okela pixka batekin ura berotzen diet ateratzerako, bestela nekatutakoan elurra jaten hasten dira», kontatzen du. «Gero, helburu daukagun probaren araberako entrenamenduak egiten ditugu, luzeagoak, motxagoak, aldapa gehiago edo gutxiagokoak».

Irailean hasi eta udaberri aldera arte batetik bestera ibiltzen da. Iaz Alemanian lur gaineko txapelketa bat irabazi zuen, Txekian, Frantzian, Alpeetan eta Polonian ere izan zen, tartean sari batzuk lortuz eta Linzan Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Aina Puig musher katalandarrak, Azpillagaren zakurrekin. Hain zuzen, Puig-ek Espainiako Txapelketa irabazi du 6 zakurreko modalitatean, azpeitiarraren zakurrek tirata eta, beraz, bi kategoriatan lehiatzeko aukera izango du Europan.

Hogeita sei zakur ditu guztira Azpillagak, 16 tiratzekoak, 8 gazteak eta 2 erretiratuak. Orain, denboraldia amaituta, gazteak prestatzen hasiko da datorren urtean tiratzen has daitezen. «Egunero ibili behar zara haiekin, zakurrak ezagutu behar dituzu, bakoitzak zer eman dezakeen ikusi behar duzu». Izan ere, animaliekin izan beharreko dohai nagusia pazientzia dela dio: «Pazientzia galdu eta umore txarrean jartzen bazara, zakurrak ere urduri jartzen dira. Horrelakoetan hobe izaten da zakurrak utzi eta lasai-lasai etxera joatea».

Musher izatea «lotua» dela dio.  «Azkenean urte osoa egoten naiz zakurrekin. Jai eta aste. Baina txarragoa da nire ustez, tailer zuloa. Gustuko lana dut hau, eta oso pozik nago», dio azpeitiarrak. «Ederki bizi naiz hemen, animaliak ikaragarri gustatzen zaizkit, bizi naizen ingurua ere zoragarria da, 2.000 metrora nago, mendian, naturaz gozatzen. Hori da ederrena. Boladaka bakardadeak ere jotzen zaitu hemen, egunak joan eta egunak etorri mendian zaudenean. Baina, bikoitza irabazita ere ez nintzateke Azpeitira joango». Bere tokia topatu du.

Azpillagak ez ezik, bi zumaiarrek ere sariak ekarri dituzte Baqueira Bereten jokatutako Espainiako Txapelketatik. Hauek zakurkros modalitatean lortu dituzte emaitza bikainak. Mikel Etxeberriak hirugarren postua lortu du gizonezkoen lehian, eta Sonia Albarez hirugarren sailkatu da emakumezkoetan.

, ,